XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Maitasun kontuan berriz, ez zuen suerte handirik izan Tomasek.

Nahiko edadetuta hasi zen neska batekin ateratzen, eta gizona txoratzen zegoen bere horrekin.

Serio hartu zuen Tomasek, eta etxea ere hartu zuten, ezkonduta bertan bizitzen jartzeko asmotan.

Neskak ere pozik zirudien bere pelukero moderno, heldu eta interesantearen ondoan.

Familia oneko neska gainera.

Gaztea izatea, hori bai, gazteegia agian, eta seguru aski horrek berak itsutu zuen Tomas gizarajoa.

Urte pare bat egin zuten horrela, eta jendea ere noiz ezkonduko ziren galdezka hasia zen.

Tomasek nirekin ez zuen sekreturik eta dena kontatzen zidan, bueno, ia dena.

Haur bat bezala zegoen.

Burua proiektuz josia eta bihotza pozjarioz bor-borka.

Bere Maria Luisa gora eta bere Maria Luisa behera.

Ez zuen beste konturik.

- Zoragarria duk, Proxpero!

Nire bizitza aldatu dik eta egia esan orain niak bizitzen hastera.

Printzesa bat aurkitu diat eta zoratuta negok.

Inork gutxien pentsatzen genuen egun batean, printzesak ihes egin zion.

Tomas baino printze gazteago batekin ihes.

Nonbait martxa gutxixko zeukan Tomasek, edo neska hark martxa handia behar.

A ze bragetazoa eman zuen alu hark!

Bezperan Tomasek berak ilea moztuta apain-apain jarria izan behar zuen gainera mutil mutur-luze hura.

- Jakin izan banu, lepoa moztuko nion ilearen ordez!

Mekauen la letxe!!

- Ez sutu, gizona, hura joan zen eta, zuretzat hobe.

Zure diruak ukitu gabe joan zen behintzat, eta hola hobe.

Bestela okerrago izango zen.

Zure diru denak jango zituen, eta lehentxeago edo geroxeago, hark hanka egingo zizun, Tomas.

Hark ez zuen pakerik ekarriko zure bizitzara.